Les gens d'intérêt

Tomas Imaz

Baserritarra

Jubilatzeko garaia iritsi zaio Tomasi. Bizitza osoa baserriari lotuta eman du eta orain, 63 urte dituela, lasaiago bizi nahi duela dio. Pozik dago semeak baratzean jarraituko duelako eta Eneritz alabak salmentan, San Martin Merkatuan. “Baserri mundukoak gero eta ahaztuagoak gaude. Azken mohikanoak gara”, aldarrikatzen du.

 

Zenbat urte pasa dituzu buru-belarri baserritar lanetan?

Bizitza osoa baserriari lotuta eman dut. Bai Hernialden gurasoen etxean, baita ezkondu eta gero gure Zubietako baserrian ere. 30 urtez Anoetan zegoen enpresa alemaniar batean egin nuen lan montadore bezala. Goizetan fabrikara joaten nintzen eta arratsaldean emazteri laguntzen nion baratzan. Berak andereño izateari utzi zion baserritarra izateko.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen San Martin Merkatuan hastea?

Anoetako lantokia itxi egin behar izan zuten eta metalgintzako beste enpresa batean lanpostua eskaini zidaten, baina lan baldintzak lotsagarriak ziren. Eskaintzen zidaten soldata letxugekin ateratzea erabaki nuen. Bat-batean etorritako gauza izan zen eta nik gauza horietan asko sinesten dut. Bizitzak berak ematen dizkizun mezuak direla pentsatzen dut. Aldi berean San Martin Merkatua berritu zen. Emaztearen amak San Martinen saltzen zuen betidanik eta bere jubilazioa orduntxe izan zen. Dena batera etorri zen eta aurrera jarraitzea erabaki n uen. Niretzat mundu berri bat zen. Baserriko produktuen salmentan emakumeak aritzen ziren. Ez zegoen gizonik.

Beraz, gizon aitzindaria ere bazara emakumez jositako merkatu batean!

Apustua ikaragarria izan zen. Fabrikako lankideek erotuta ote nengoen galdetzen zidaten. Zuk daukazun lan esperientziarekin merkatura saltzera joango al zara? Bai, hura erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu hasiera hori?

Sekulako lotsak pasatzen nituen emakume baten aurrean. Ez nekien zer esan. Ez nekien nola hurbildu salmenta egiteko. Gorritu eta guzti egiten nintzen.

Nola eman zenion buelta?

Tolosaldekoa naizenez, Inauteriak asko maite ditut. Hemen merkatuan inor ez zen mozorrotzen eta mozorrotzeari eutsi nion. Inauterietan asko aldatzen naiz. Tomas zena ahaztu eta pertsonaia berri bat sortu eta paperean bete-betean sartzen naiz. Lanketa bat egin nuen eta pertsonaia bat sortu nuen postuan aritzeko. Horri esker jendearengana hurbiltzen ausartu nintzen.

Zuk kalitatearen aldeko apustu handia egin zenuen hasieratik?

Zure produktua bereizteko, alegia.Bai. Zer motatako salmenta egin nahi nuen erabaki nuen. Jende kopuru ona ekarri nuen nire aldera. Oso-oso harro nago San Martinen lortu dudan konfiantzarekin eta batez ere bezeroek eman didaten guztiarekin.

Zer eman dizute bezeroek?

Ulermena eta goxotasuna. Ulertua izan naiz. Jendearekin egoteko manerak eta erraztasuna nuela deskubritu nuen. Ezagutzen ez nuen beste Tomas bat azaldu zen. Lanak jakinduria handia eman dit. Bizitzan eta jendearen aurrean moldatzen ikasi dut.

Eta San Martin Merkatuan egindako eguneroko lanak?

Pertsona bezala nolakoa naizen erakutsi dit. Konpetentzia oso fuertea izan da, baina hor beti ikasten da. Zenbait erasoren aurrean egoten jakitea, psikologo lana ere bat. Enpatia izaten...

Penatu zaude merkatua uzteko unea iritsi zaizulako?

Ez. Ardura handia da eta karga hori uztea erabaki dut. Lasaitasuna eta arintasuna lortu dut.

Zer egiteko asmoa duzu?

Mendira joan, elurretara, perretxikotara. Afrikara ere itzuli nahi dut, han jende maitea dut eta. Pandemia iritsi aurretik urtero joaten nintzen Somaliara. Beti mendizalea eta abentureroa ere izan naiz.

Poza eman dizu Eneritz alabak eta semeak baserrian jarraitzeak?

Bai, handia. Eneritzek salmentan jarraituko du eta semea produkzioan. Badakit lana oso ondo egingo dutela.

Egungo bizimoduarekin baserritik bizitzea zaila izango da.

Bai, eta gero eta zailagoa. Bezero batzuek oraindik etxeko produktuak eta gertutasun hori bilatzen dute. Guk ahal dugun onena ematen saiatzen gara. Nahiz etxeko produktuak izan, nahiz kanpotik ekarritakoak badira ere. Ona izan dadila. Hortan zentratu behar dugu.

Baserrien etorkizuna nola izango da zure ustez?

Oso zaila. Hor politikoen ardura dago, baina ez dut itxaropena handirik. Baserri mundukoak gero eta ahaztuagoak gaude. Azken mohikanoak gara. Hitz egin asko egiten da. Oso eko eta berdeak gara, baina baserri munduan gero eta zailtasun handiagoak topatzen ditut nik.

Partager