Les gens d'intérêt

Pedro Subijana

Sukaldaria

Beste 40 urtetarako poriektuak ere baditut

68 urterekin sasoi betean eta erretiroa hartzetik urrun, 2017an bere ametsetako bat inauguratzeko prest dago Akelarreko chefa: luxuzko hotela Igeldon, Bizkaiko golkorako ikuspegiarekin. "Oinetako berriak eskuratu dituen haurraren pare nago» kontatzen digu, San Martin azokan paseatzen, ibilian hornitzaileetako batzuk agurtzen dituen bitartean.”.

Pedro; bazen behin batean biboteari itsatsitako chef bat.

44 urte daramatzat bibotearekin! Bestelako asmorik gabe utzi nuen hazten. Behin baino gehiagotan saiatu naiz kentzen, baina nire emazteak ez dit uzten, adarrak jartzen ari zaidala sentituko lukeela eta [barrezka].

Emaztea aipatuta… etxezalea zara?

Bai, hiru seme-alaba eta hiru iloba ditugu. Oso zoriontsua naiz familiarekin planak eginez, nire lanbidea kontuan hartuta, beraiekin egoteko denborarik izan ez dudalako. Zorionez, ama bizirik dut, 93 urte ditu eta sasoian dago. Etxean, igande gauetan elkarrekin afaltzeko ohitura dugu; beti izan da hori sakratua, horixe delako libratu dudan eta oraindik ere libratzen dudan egun bakarra. Beti prestatzen dut afaria eta nire ilobentzako esperientziak antolatu ere egiten ditut: pasta prestatzen irakatsi diet, Ribera del Dueroko upategi batean oparitutako mahatsak ekarri nituen lehengoan eta oinez zapaldu eta muztioa nola irteten den ikusteko eta edateko antolatu nuen eguna... Gauzak prestatzea gustatzen zait, haur txikiei ez zaizkielako inoiz ahantziko.

Eta Pedro Subijanak haurtzaroko zein oroitzapen gordetzen du?

Lau urte nituela, Euskadiko iparraldeko eta hegoaldeko jatetxe guztietan egona nintzen Jose aitonarekin. Oso mokofina zen, eta baita sukaldari zaletua zen gure aita ere. Sukaldean fina zen, eta gaztetan gozogile eta txokolategile ospetsua ere bai. Garai batean oso ospetsua zen gozotegi batean, Garibay tea Roomen, lan egin zuen. Alemaniar batzuek gobernatzen zuten eta gozogintza bikaina prestatzen zuten.

Beharbada horrek eraman zintuen sukaldari izatera?

Sendagile izateko bidea hartu nuen. Iruñean Medikuntza ikasteko unibertsitate-aurrekoa egin nuen. Unibertsitatean hasi aurreko udan, adiskide taldekoek Espainiako estatuko lehenengo sorospen-taldea sortu genuen Donostian. Oraindik urtero gure artean biltzen jarraitzen dugu. Orduak eta orduak ematen genituen txalupan Kontxako badian. Garai hartan boyscouta ere banintzen, eta neuk prestatzen nuen janaria beti nonbaitera joaten ginenean. Adiskide batek esan zidan ea zergatik ez nuen izena ematen Luis Irizarren ostalaritza-eskolan. Eta horrela hasi nintzen.

Gastronomiaren aldeko apustua egin zenuen, beraz, lanbide horrek glamourrik batere ez zuen garai batean. Zer esan zizuten etxean?

Aitak bere enpresan sartzea nahi zuen, eta soldadutza sasoian ordezkari-lanetan aritu nintzen. Dena dela, soldadutza bukatuta esan nion ez nuela jarraitu nahi, nik sukaldari izan nahi nuela. Janaria prestatzea asko gustatzen bazitzaion ere, ez zuen nahi ni horretan aritzerik; oso bizimodu nekeza zela esaten zuen; berak, gozogilea izanda, bazekiela gauez eta egunez eta jaiegunetan ere lan egin beharra zegoela.

Aitak asmatu egin zuen? Zenbat ordu eman dituzu bizitzan lanean?

Den-denak, lotan nagoenean ere lanean pentsatzen baitut. Goizero, ahal badut, ordu eta erdiz ibiltzen naiz hirian edo Miramonen, paraje horretan natura baitago. Bakarrik joatea gustatzen zait, pentsatzen eta buruari eragiten. Gauzaren bat bururatzen zaidanean telefonoan grabatzen dut, ez ahanzteko. Eta gero jatetxean sartu eta nonahi egoten naiz: jantokian, bulegoan, obretan… Akelarre nire bizitza da. 50 urte daramatzat sukaldaritzan eta nire lana izugarri gustatzen zait. Ez daukat erretiroa hartzeko inolako asmorik.

Agerikoa da hori. Eta lo egin dezakezu, gainera datorkizun horrekin: Akelarren luxuzko hotela inauguratzea?

Beti egin dut ongi lo. Uste dut horrexek salbatu nauela [barrezka]. Akelarreri egingo diogun eraldaketarekin buru-belarri nabil. Oinetako berriak eskuratu dituen haurraren pare nago. Grinatsu, sutsu, pozik. Beti esan dut nirea gehiago dela luzerako distantzia, 100 metro zuzen egitea baino. Baina oso zorrotza ere banaiz, gauzak txukun eta neurrian egiteko. Kafetegia eta jatetxea zituen diskoteka bat hotel handi bat eta maila altuko zerbitzuak dituen jatetxe gastronomikoa bihurtzeko proiektua aspalditik datorkit. Azkenean egin egin dut, baina 42 urteren ondoren. Poz handia da hori, eta nire lantaldea mantenduta bada, gainera, miresgarria da.

Emaguzu inbidia pixka bat. Nolakoa izango da Akelarre hotela?

22 gela izango ditu, guztiak itsasoari begira dagoen bainuontziarekin eta balkoi txiki batekin. Eta bi gelak banako igerilekua ere izango dute. Gainera, 700 metroko spa egongo da lehen KU diskoteka zegoen tokian. Maila altuko bezeroentzat pentsatuta dago. Hotela egiteak dirutza eskatzen du. Errazagoa izango zen hutsetik hastea, baina aurretiaz genituen instalazioan egokitu behar izan ditugu, eta oso garestia ateratzen ari zaigu. Oturuntza handietarako erabiltzen genuen jangela beste jatetxe bat izango da, jatetxe gastronomikoarena ez bezalako maila batekoa. Bertan bizitza osoko euskal sukaldaritzako 10-12 platerik ezagunenak ematea gustatuko litzaidake. Dena ongi irtetea nahi dut.

Partager